Zoaz infernura, laztana
Anjel Lertxundik bikote harremanak aztertzen ditu eleberri honetan. Gehienetan, botere harreman bihurtzen dira harreman horiek, eta gaur egungo edozein egunkari hartzea nahikoa da ikusteko ez dela gutxitan gertatzen boteretsuenak bere boterea baliatzea ahulena umiliatzeko eta tratu txarren bidez otzantzeko. Generoko elementuak erabiltzeaz gainera –nobela beltzaren elementuak, intrigarenak…–, gaur gaurko kontakizuna eraiki du Lertxundik, hizkera bizkorrean eta gardentasunez.
Iradokizunak
Telefono kaiolatua
Bai telefonoek eta bai ispiluek ere urduritasuna sortzen digute. Amesgaiztoetan sarri agertzen zaizkigu. Ezinegona sortzen digute, lo egiteko pastillak hartzera behartzen gaituzte. Sosegurik eza agertzen da kontakizun hauetan. Telefono-kabina baten bila aritu eta, bat aurkitu orduko, telefono-haria moztuta dagoela ohartzen denaren sosegurik eza. Telefono-kabina zepo hilgarritzat, zerraldotzat sentitzen duenarena. Esan dezagun telefonoa giderretik duenak mundua duela mendean. Esan dezagun telefono kaiolatu batez ari garela. Bai, esan?
Hamahiru ipuinetan zehar, Harkaitz Cano (Lasarte, 1975) idazleak, genero beltza nahasten du absurduarekin eta surrealismoarekin.
Judu-kale
Bi familien historia jasotzen du "Judu-kale" liburuak, XV. mendeko Gasteizen bizi diren bi familiarena. Judua da bata, kristaua bestea. Iragan bera dute, elkarri lotua, baina maitasun eta gorroto istorio bat ere badu bere baitan historia harrigarri honek. Dabid sendagilea eta haren semeak, Jonas ben Sahadia eta Pedro Santxez Bilbao, biak sendagileak, eta hauen emazteak eta ingurukoak dira pertsonai nagusiak. Garai gogorra, sefardien komunitatea atzerrira joatera edo kristautzera bihurtzen duten arte. Gaztelako koroaren mendeko lurretan gertatuak, marka sakona utzi zuen garai hartako gizartean.
Toti Martinez de Lezearen (Gasteiz, 1949) eleberria, Ereinek 2008an argitaratutako edziotik eskaintzen dizu EITB Mediak audioliburu eginda.
Pleibak
Nerabe paisaia rural-poligonero bat, institutuko korridore atenporalak, "Morora" busean jaistea eta belodromora motorrean igotzea. Hemendik At, Chenoa, Su Ta, lokaleko maromoak, txosnetako goi gerlariak, Largo eta Beda Agarreko sukaldean, erantzun gabeko perdidak, behor hezurrak, istripu bat.
Umezaroa elkarren itzalean zabuka igaro ostean gaur da eguna kalean gurutzatu eta batak besteari ez-ikusia egiten diona. Distantzia horrek sorrarazten dion amorrazio retroaktiboak sakatuta zuzentzen zaio Jone Pollyri; neskatotan, ahoak nola-ahala estali eta eskugaina eskugainaren kontra igurtziaz musukatzen zuen txaleteko bizilagunari.
Ezer gertatu ez zenean gertatu zen guztia jasotzen du Miren Amurizaren (Berriz,1990) bigarren nobelak. Sasoi baten erretratua da egilearen ahotsean GUAUk audioliburu gisara eskaintzen dizun kontakizuna.
L´Arratien taberna
Urdaibai, leku pribilegiatua. Gizon bat Mundakako Santa Katalina ermitarantz doa, asmo argiarekin: zorigaiztoko bere bizimoduari amaiera ematea, munduko olaturik perfektuenetako bat eratzen den eremuan bere burua itsasora jaurtiz.
Ez du asmoa beteko. Baina, ezustekoan bizitza irauli, eta bide berri bati ekingo dio. L’Arratien tabernan topatuko du biziberritzeko aukera Paul Arenek, Pello esaten diotenak, eta alboan izango ditu Karmentxu, jabea eta bere metamorfosiaren erantzule ezusteko bihurtua, Libe, Irati, Pako, Koldo, Juankar... abegi ona egin eta bere egoera berrian lagunduko dioten herritarrak. Kostaldeko herri bateko biztanleen egunerokotasunera garamatza tramak, haien bizipen, traizio, sentipen, iragan ezkutu, entretenimendu eta kezkak elkarri josiz.
XXI. mendean girotuta dago L’Arratien taberna, eta hau da Toti Martinez de Lezearen (Gasteiz, 1949) eleberrien artean gaurkotasun handienekoa. Prosa arin eta zorrotza du, berritzailea, Erein argitaletxeak 2024an argitaratu eta EITB Mediak audioliburu formatuan eskaintzen dizunak.
Eraikuntzarako materiala
Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat.
Heriotzaren atezuan abiatzen da narratzailearen kontakizuna. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu. Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak. Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak biltzen ditu Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) GUAUk audioliburu eginda eskaintzen dizun nobela honetan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.
Zergatik panpox
Lagunak alde egin ondoren emakume batek bere haurrarekin bizi duen egun normal bat kontatzen digu nobelak. Goizean goizetik gosaria eman, ikastolara joan behar dela hurrengo, arratsaldean jaso... lotara eraman arte, eta protagonista bera oheratu arte egin eta burutik pasatako gogoetak dira nobelaren edukia.
Txema lagunaren ausentzia oroitzapen huts baino zerbait gehiago da nobelan, emakumearen gogoeta gehienetan dago haren ausentzia. Bakardadea sentitzeko ere ia tarterik gabe dago emakumea, halakoxea baita bere bizitzaren atze-aurrea. Baina tartetxo bakan horietan isurtzen da nobelara etxetik alde egin zuen lagunaren oroitzapena. Emakumea da kontalaria, eta emakumearen sentsibilitate unibertsalenetik dago kontatuta nobela.
Hetero
Araua eta arrakala. Bi egoera horien arteko tentsioan bizi dira ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta nagusiki gizonez ari dira. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez, esan ez ziren sentsazioez.
Aitak, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; aldapan behera eta frenorik gabe doan hiru laguneko gorputz bakar bat; Zarautz, Elgoibar, Kubarekiko desira itsua; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.
Zortzi istorio anitz eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) bere hirugarren narrazio lanean ( SUSAk, 2024) eta audioliburu formatuan eskaintzen dizu GUAUk, zortzi ataletan banatuta eta egilearen beraren ahotsean.
Fakirraren ahotsa
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta trukean, arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin, kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasi, “Fakirra” goitizenarekin. Baina, ahotsarekin batera aldatuz joango da bere ikuspegia eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra..., mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan zehar.
Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra, minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zein ote du benetako ahotsa?
Susak 2018an egindako argitalpenetik eskaintzen dizu audioliburua EITB Mediak.
