Goazen: Amona influenzerra
COVID-19 malapartatuak Go!azeneko Maddiren gurasoak Maldiva irletan oporretan harrapatu ditu eta etxera itzuli ezinik daude. Ondorioz, Maddik amonaren etxean pasa beharko du itxialdia. Aspergarria zirudien plana, sorpresaz eta abenturaz beterikoa bilakatu da azkenerako.
Maddik Basakabiko lagunekin bideo-deiak egiteko aukera du eta bestetik, sare sozialetan trebatu du amona. Sareari esker, gazte garaiko mutil-lagunarekin topo egin du. Ustekabean, Maddiren amona influencer bihurtu da!
Iradokizunak
Fakirraren ahotsa
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta trukean, arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin, kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasi, “Fakirra” goitizenarekin. Baina, ahotsarekin batera aldatuz joango da bere ikuspegia eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra..., mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan zehar.
Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra, minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zein ote du benetako ahotsa?
Susak 2018an egindako argitalpenetik eskaintzen dizu audioliburua EITB Mediak.
Benetan zabiz?
"Benetan zabiz?" Aitziber Grados eta Malen Altunak gidatzen duten podcast gazte eta lotsagabea da, umoretik entretenimendurako asmoz sortua. Astez-aste gonbidatu ezberdin batekin solasten dira, aho bizarrik gabe.
Oihane Alonsoren esku dago produkzioa eta edizio lana. ON TIMEk egiten du ekoizpena.
Xahmaran
Istanbulgo etxe otomano hondatu batean bizi da, gurpildun aulkian preso, Kawa-ren ama eta egunero ekartzen ditu gogora Ararat mendia, kurduen kondaira eta leku sakratuak. Bai eta, leku eder haietan hil zizkioten senarra eta bi seme gerrillariak.
Amaren ezkutuan Kawak jendea hiltzea du ogibide. Enkarguz eta arrazoiak ezagutu gabe. Hilketa ez ohiko baten ondoren ordea, egoera gaiztotuko zaio Kawa-ri eta bere mundua pitzatu. Mendeko amagatik ez balitz, Alemaniara alde egingo luke bere anai-arrebek bezala.
Jon Arretxeren (Basauri, 1963) nobela beltz honek Istanbul eta Munich ditu kokaleku, ohoretik desohorerako bidaia eginez.
Ereinen 2012ko argitalpenetik eskaintzen dizu EITB Mediak audioliburu gisa.
Hetero
Araua eta arrakala. Bi egoera horien arteko tentsioan bizi dira ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta nagusiki gizonez ari dira. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez, esan ez ziren sentsazioez.
Aitak, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; aldapan behera eta frenorik gabe doan hiru laguneko gorputz bakar bat; Zarautz, Elgoibar, Kubarekiko desira itsua; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.
Zortzi istorio anitz eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) bere hirugarren narrazio lanean ( SUSAk, 2024) eta audioliburu formatuan eskaintzen dizu GUAUk, zortzi ataletan banatuta eta egilearen beraren ahotsean.
Judu-kale
Bi familien historia jasotzen du "Judu-kale" liburuak, XV. mendeko Gasteizen bizi diren bi familiarena. Judua da bata, kristaua bestea. Iragan bera dute, elkarri lotua, baina maitasun eta gorroto istorio bat ere badu bere baitan historia harrigarri honek. Dabid sendagilea eta haren semeak, Jonas ben Sahadia eta Pedro Santxez Bilbao, biak sendagileak, eta hauen emazteak eta ingurukoak dira pertsonai nagusiak. Garai gogorra, sefardien komunitatea atzerrira joatera edo kristautzera bihurtzen duten arte. Gaztelako koroaren mendeko lurretan gertatuak, marka sakona utzi zuen garai hartako gizartean.
Toti Martinez de Lezearen (Gasteiz, 1949) eleberria, Ereinek 2008an argitaratutako edziotik eskaintzen dizu EITB Mediak audioliburu eginda.

