Janisjoplin, Uxue Alberdi idazleak berak irakurrita
Nagore Vargas da nobelaren protagonista. Baldintza makurrei aurre eginez zaildutakoa da Nagore, gaztaroa intentsitate handiz bizi izan dutenen grinarekin borrokatzera ohitua: autoritatearen kontra, benetakotasunaren bila, desafioek inarrosirik, barne bulkadaz, presaka maitatzen, bortizkeriari artez begira, arriskuari deika, edozertarako prest.
Bilbora iritsi zenean hiri bat gatazkan zeukan deskubritzeko; zenbait iraultza eta abentura, engaiatzeko; gorputz bat, biolentziaren eta erotikaren artean jokoan jartzeko. Klasearen, aberriaren eta sexuaren izenean nork bere amorrua bizkortzen zuen garaiak gozatu zituen Nagorek. Baina orain, 2010eko irailean, 28 urte dituela, Artxandan dago Libre irratiko hiru lagunekin, azken bilkura moduko bat antolatu dute, jakinaren gainean segika dituztela txakurrak, preso hartuko dituztela ziurrenik eta itxi egingo dutela irratia.
Iradokizunak
Eraikuntzarako materiala
Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat.
Heriotzaren atezuan abiatzen da narratzailearen kontakizuna. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu. Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak. Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak biltzen ditu Eider Rodriguezek (Errenteria, 1977) GUAUk audioliburu eginda eskaintzen dizun nobela honetan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.
Xahmaran
Istanbulgo etxe otomano hondatu batean bizi da, gurpildun aulkian preso, Kawa-ren ama eta egunero ekartzen ditu gogora Ararat mendia, kurduen kondaira eta leku sakratuak. Bai eta, leku eder haietan hil zizkioten senarra eta bi seme gerrillariak.
Amaren ezkutuan Kawak jendea hiltzea du ogibide. Enkarguz eta arrazoiak ezagutu gabe. Hilketa ez ohiko baten ondoren ordea, egoera gaiztotuko zaio Kawa-ri eta bere mundua pitzatu. Mendeko amagatik ez balitz, Alemaniara alde egingo luke bere anai-arrebek bezala.
Jon Arretxeren (Basauri, 1963) nobela beltz honek Istanbul eta Munich ditu kokaleku, ohoretik desohorerako bidaia eginez.
Ereinen 2012ko argitalpenetik eskaintzen dizu EITB Mediak audioliburu gisa.
Fakirraren ahotsa
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta trukean, arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin, kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasi, “Fakirra” goitizenarekin. Baina, ahotsarekin batera aldatuz joango da bere ikuspegia eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra..., mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan zehar.
Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra, minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zein ote du benetako ahotsa?
Susak 2018an egindako argitalpenetik eskaintzen dizu audioliburua EITB Mediak.
L´Arratien taberna
Urdaibai, leku pribilegiatua. Gizon bat Mundakako Santa Katalina ermitarantz doa, asmo argiarekin: zorigaiztoko bere bizimoduari amaiera ematea, munduko olaturik perfektuenetako bat eratzen den eremuan bere burua itsasora jaurtiz.
Ez du asmoa beteko. Baina, ezustekoan bizitza irauli, eta bide berri bati ekingo dio. L’Arratien tabernan topatuko du biziberritzeko aukera Paul Arenek, Pello esaten diotenak, eta alboan izango ditu Karmentxu, jabea eta bere metamorfosiaren erantzule ezusteko bihurtua, Libe, Irati, Pako, Koldo, Juankar... abegi ona egin eta bere egoera berrian lagunduko dioten herritarrak. Kostaldeko herri bateko biztanleen egunerokotasunera garamatza tramak, haien bizipen, traizio, sentipen, iragan ezkutu, entretenimendu eta kezkak elkarri josiz.
XXI. mendean girotuta dago L’Arratien taberna, eta hau da Toti Martinez de Lezearen (Gasteiz, 1949) eleberrien artean gaurkotasun handienekoa. Prosa arin eta zorrotza du, berritzailea, Erein argitaletxeak 2024an argitaratu eta EITB Mediak audioliburu formatuan eskaintzen dizunak.
Telefono kaiolatua
Bai telefonoek eta bai ispiluek ere urduritasuna sortzen digute. Amesgaiztoetan sarri agertzen zaizkigu. Ezinegona sortzen digute, lo egiteko pastillak hartzera behartzen gaituzte. Sosegurik eza agertzen da kontakizun hauetan. Telefono-kabina baten bila aritu eta, bat aurkitu orduko, telefono-haria moztuta dagoela ohartzen denaren sosegurik eza. Telefono-kabina zepo hilgarritzat, zerraldotzat sentitzen duenarena. Esan dezagun telefonoa giderretik duenak mundua duela mendean. Esan dezagun telefono kaiolatu batez ari garela. Bai, esan?
Hamahiru ipuinetan zehar, Harkaitz Cano (Lasarte, 1975) idazleak, genero beltza nahasten du absurduarekin eta surrealismoarekin.
Pleibak
Nerabe paisaia rural-poligonero bat, institutuko korridore atenporalak, "Morora" busean jaistea eta belodromora motorrean igotzea. Hemendik At, Chenoa, Su Ta, lokaleko maromoak, txosnetako goi gerlariak, Largo eta Beda Agarreko sukaldean, erantzun gabeko perdidak, behor hezurrak, istripu bat.
Umezaroa elkarren itzalean zabuka igaro ostean gaur da eguna kalean gurutzatu eta batak besteari ez-ikusia egiten diona. Distantzia horrek sorrarazten dion amorrazio retroaktiboak sakatuta zuzentzen zaio Jone Pollyri; neskatotan, ahoak nola-ahala estali eta eskugaina eskugainaren kontra igurtziaz musukatzen zuen txaleteko bizilagunari.
Ezer gertatu ez zenean gertatu zen guztia jasotzen du Miren Amurizaren (Berriz,1990) bigarren nobelak. Sasoi baten erretratua da egilearen ahotsean GUAUk audioliburu gisara eskaintzen dizun kontakizuna.
Judu-kale
Bi familien historia jasotzen du "Judu-kale" liburuak, XV. mendeko Gasteizen bizi diren bi familiarena. Judua da bata, kristaua bestea. Iragan bera dute, elkarri lotua, baina maitasun eta gorroto istorio bat ere badu bere baitan historia harrigarri honek. Dabid sendagilea eta haren semeak, Jonas ben Sahadia eta Pedro Santxez Bilbao, biak sendagileak, eta hauen emazteak eta ingurukoak dira pertsonai nagusiak. Garai gogorra, sefardien komunitatea atzerrira joatera edo kristautzera bihurtzen duten arte. Gaztelako koroaren mendeko lurretan gertatuak, marka sakona utzi zuen garai hartako gizartean.
Toti Martinez de Lezearen (Gasteiz, 1949) eleberria, Ereinek 2008an argitaratutako edziotik eskaintzen dizu EITB Mediak audioliburu eginda.
Horma
Itzultzailea da nobela honetako narratzailea. Kode batetik beste batera hitzak pasatzen espezialista. Bizitzan ere halatsu, kode batetik bestera pasatu beharra du mundua ulertuko badu. Maite du bere lana, baina hor sortzen zaio arazoa. Haurtzaroan gertatu ziren pasarte lauso batzuk nahasten zaizkio buruan, Martarekin bikote harremanari ekin behar dion une berean. Noiz eta amari, kode haiek erraz itzuliko zituen pertsona bakarrari, memoria husten eta hondatzen zaion garaian.
Anjel Lertxundiren (Orio, 1948) nobela, Ereinen 2017ko ediziotik eskaintzen dizu EITB Mediak audioliburu egina.
