13. "Zeru ahoak", Koldo Almandoz
“Zeru ahoak” izenburuarekin ekoitzi du EITB Mediak 2025ean, Covid-19aren garai ilunean arrakasta izan zuen “Hondar ahoak” telesailaren jarraipena. Nerea Gartzia du protagonista, aurrekoak bezala, eta Euskaraz SSIFF-eko sail ofizialean aurkeztu den aurreneko telesaila da, nahiz lehiaz kanpo. Hau ere, Koldo Almandoz zinegileak zuzendu du eta Harkaitz Canoren laguntza izan du bigarren aldi honetan gidoia osatzeko.
“Klaketa” podcastaren atal berezi honetan Gaizka Izagirrerekin solastu da Almandoz, bere lanaz eta Euskal ikus-entzunezkoen loraldiaz. Izan ere, 73. Zinemaldian inoizko ekoizpen euskaldun kopuru handiena aurkeztu da.
12. "Brinkola", Mikel Laskurain
“Brinkola” telesail entzutetsua hamabigarren “Klaketa” ataleko edukia dugu. Horretarako, antzerkian, telebistan eta zineman bide luzea egin duen Mikel Laskurain aktorea da Gaizka Izagirreren gonbidatua. Kultuzko seriea bilakatu zen askorentzat, 2009an estreinatutako telesaila, eta halaxe jarraitzen du. Hamahiru ataletan banatuta dago.
10."Amama", Maite Arroitajauregi
Amama filma da “Klaketa”ren 10. ataleko hizketa gaia. Bi mundu ezberdinen arteko talka agerian utzi nahi du filmak. Hitz gutxiko filma da eta garrantzia berezia du musikak eta soinu bandak, horrexegatik da gonbidatua Maite Arroitajauregi musikaria. Filmetarako musikaren sormenaz, bidean topatzen diren zailtasunez eta horiek gainditzeko bideaz ere aritu gara.
9. “Aupa Etxebeste” eta “Agur Etxebeste”, Asier Altuna
Asier Altuna, zine zuzendari eta gidoilaria, dugu “Klaketa”ren atal honetako gonbidatu. “Aupa Etxebeste” eta “Agur Etxebeste” filmak hartuko ditugu hizpide, bakarka eta Telmo Esnalekin batera egindako ibilbide luzea jorratzeko. Bi film horietan gertatutako hainbat pasarte errepasatu ditugu, aldi berean, euskal umorea pantailan zer nolako sasoian dagoen aztertuz.
8. “Hondar ahoak”, Koldo Almandoz
Covid garai latzean izan genuen albiste on gutxietako bat izango dugu hizpide "Klaketa" podcastaren atal honetan, lau ataletan osatu zen “Hondar ahoak” telesaila. Solaskidea, Koldo Almandoz, ibilbide oparoko zinegilea du Gaizka Izagirrek. Bera izan zen telesailaren zuzendari eta gidoilaria. Euskal kostaldeko arrantza portu batean gertatzen den intrigazko istorioa da eta bigarren denboraldia izango du.
7. “Kalabaza tripontzia", Imanol Zinkunegi
Lau hamarkada joan dira “Kalabaza Tripontzia” (1985) estreinatu zela, euskarazko lehen animaziozko film luzea. Euskal kondairak, mitoak eta istorioak oso presente daude filmean, eta bertako pasarteetan oinarrituz, film aitzindari hori sakon ezagutuko dugu. Imanol Zinkunegi animazio zuzendaria du atal honetan solaskidea Gaizka Izagirrek, marrazki animatu horien xehetasun guztiak arakatzeko. Filma bera ez ezik, euskal animazioaren egungo egoera aztergai dute, adimen artifizialaren eragina nabarmentzen ari denean.
6. “Muga deitzen da pausoa”, Izaskun Arandia
Maider Oleagak zuzendutako “Muga deitzen da pausoa”, Elbira Zipitria andereñoaren nondik norakoak kontatzen dituen film dokumentala da “Klaketa”ren atal honetako hizpidea. Izaskun Arandia izan zen dokumentalaren ekoizlea eta bere kontakizunaren bitartez, xehatuko ditugu proiektuan izandako gorabeherak, Arandiaren lana, ibilbidea eta ekoizleen zeregina nolakoa izaten den ekoizpenetan.
5. "80 egunean", Ane Gabarain
Hogeita hamar saritik gora eskuratu ditu 2009an argitaratu zenetik Joxe Mari Goenaga eta Jon Garañoren “80 egunean” filmak. 70 urteko bi emakumeren arteko harremanean oinarritzen da, eta begiradek, keinuek eta isiluneek garrantzi handia hartzen dute. Ane Gabarain da filmaren protagonistetako bat eta berak azaldu dizkigu filmaren ingurukoak “Klaketa” podcastaren atal honetan. Bide batez, 2025ko Goya saridunarekin bere aktore ibilbidean sakondu du Gaizka Izagirrek.
4. "Ander, Josean Bengoetxea
Baserri giroan gertatzen den “Ander” filma izango da Josean Bengoetxea aktore ezaguna sakonago ezagutzeko bidea “Klaketa” podcastaren atal honetan. Filma 2009. urtean estreinatu zen arren, hamar urtez egon zen, zinema aretoetan estreinatu gabe.
Bi gizon homosexual protagonista dituen filmak izugarri markatu zuen protagonista, bestelako mundu batean murgildu behar izan zuela aitortu izan du.
3. "Irati", Paul Urkijo
Euskaraz egindako filmen artean, mugarria izan da “Irati”, 2022an ekoitzitako pelikula. Besteak beste, euskaraz ekoitzitako filmen artean ikusiena eta aurrekontu handienekoa delako. Ez da bide erraza izan, ordea, eta arrakasta horren atzean dagoen lan eskergaz aritu da Gaizka Izagirre Paul Urkijo, zuzendariarekin solasean “Klaketa”ren atal honetan.
2. "Azken erromantikoak", Miren Gaztañaga
David Perez Sañudok zuzendutako “Azken Erromantikoak” filma, 2024. urtean estreinatu zen. Miren Gaztañaga aktore protagonista nagusia da atal honetako gonbidatua. Ibilbide luze bezain oparoa egin du Gaztañagak antzerkigintzan, eta besteak beste, zinemarako jauzia nola bizi izan duen jorratu du Gaizka Izagirrerekin solasean. Filmean ukitzen diren gai sozialez ere hitz egin dute, familia, lan baldintzak edota buruko osasuna.
1. “Handia”, Ainhoa Eskisabel
Jon Garañok eta Aitor Arregik 2017. urtean idatzi eta zuzendutako euskal filma da “Handia”. 1818an Altzon jaio eta “Altzoko Handia” izenarekin oso ezagun izandako Migel Joakin Eleizegiren benetako historia kontatzen du, gigantismoa zeukan.
2018an 10 Goya sari eskuratuta, mugarri izan da euskal zinemagintzan. Makillajean eta ile-apainketan egindako lanak jaso zuen horietako bat. Ainhoa Eskisabel izan zen filmeko makillaje eta ile-apainketa burua eta berak emandako azalpenekin sakondu dugu filmean.
12. "Brinkola", Mikel Laskurain
11. “Urte berri on, Amona!”, Xabier Berzosa
10."Amama", Maite Arroitajauregi
9. “Aupa Etxebeste” eta “Agur Etxebeste”, Asier Altuna
8. “Hondar ahoak”, Koldo Almandoz
7. “Kalabaza tripontzia", Imanol Zinkunegi
6. “Muga deitzen da pausoa”, Izaskun Arandia
5. "80 egunean", Ane Gabarain
4. "Ander, Josean Bengoetxea
3. "Irati", Paul Urkijo
2. "Azken erromantikoak", Miren Gaztañaga
1. “Handia”, Ainhoa Eskisabel
Iradokizunak
Klaketa
Gaizka Izagirre zinema eta telesail kritikariak gidatutako podcasta da "Klaketa". Euskal ikus-entzunezkoak ditu ardatz, eta atal bakoitzean film edota telesail bat da hizpidea. Bertan lan egindako protagonista bat gonbidatu dugu, izan aktore, zuzendari, makilatzaile, produktore, gidoilari... Elkarrizketatua sakonago ezagutzeko aukera duzu, bere ibilbidea, bitxikeriak edota anekdotak.
Klaketa
Gaizka Izagirre zinema eta telesail kritikariak gidatutako podcasta da "Klaketa". Euskal ikus-entzunezkoak ditu ardatz, eta atal bakoitzean film edota telesail bat da hizpidea. Bertan lan egindako protagonista bat gonbidatzen dugu, izan aktore, zuzendari, makilatzaile, produktore, gidoilari...
Elkarrizketatua sakonago ezagutzeko aukera duzu, bere ibilbidea, eta aukeratutako filmaren bitxikeriak edota anekdotak.
Fakirraren ahotsa
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta trukean, arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin, kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasi, “Fakirra” goitizenarekin. Baina, ahotsarekin batera aldatuz joango da bere ikuspegia eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra..., mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan zehar.
Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra, minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zein ote du benetako ahotsa?
Susak 2018an egindako argitalpenetik eskaintzen dizu audioliburua EITB Mediak.
Las voces del silencio
"Las voces del Silencio” Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabalek gidatutako podcasta da, izen bereko liburuan oinarrituta. Aldaketa garaian eta zaurgarri dauden nerabeek osasun mentalean izan ditzaketen arazoak bideratzeko helburua du. Antsietatea, bullyinga, lehiakortasuna, elikadura nahasmendua, presioa... maiz azaltzen dira heldutasunerako bidean dauden nerabe eta gazteen artean. Une zail horretan bizi dituzten oztopoei aurre egiteko tresnak eskura jarri nahi dira.
Hetero
Araua eta arrakala. Bi egoera horien arteko tentsioan bizi dira ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta nagusiki gizonez ari dira. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez, esan ez ziren sentsazioez.
Aitak, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; aldapan behera eta frenorik gabe doan hiru laguneko gorputz bakar bat; Zarautz, Elgoibar, Kubarekiko desira itsua; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.
Zortzi istorio anitz eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) bere hirugarren narrazio lanean ( SUSAk, 2024) eta audioliburu formatuan eskaintzen dizu GUAUk, zortzi ataletan banatuta eta egilearen beraren ahotsean.
Twist
Soto eta Zeberio, bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu. Bi itzal haietatik elikatzen ari da hogeitaka urtetan, Soto eta Zeberioren ordez bizi ote den zalantzarekin, haien ordez bizitzea balitz bezala bere erantzukizuna. Bizitza bakarrean hiru bizitza bizitzea posible balitz bezala.
Norbere larrutik ihes egin eta larru berri bila itsumustuan dabilenaren desafioak, korapiloak, menturak kontatzen ditu Harkaitz Canok nobela honetan. Errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, usurpazioa, antzezpena... asko dira kontakizun laster eta zabal honetako hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua.
Juxtu-juxtu
"Juxtu-juxtu" gazteei zuzendutako bideopodcasta da, egunerokoan lagungarri izan daitezkeen aholku praktikoak eta baliabide erabilgarriak eskaintzeko sortua. Janire Atxurraren eskutik, dirua aurrezteko, aukerak aprobetxatzeko eta eguneroko erronkei errazago aurre egiteko trikimailuak ezagutuko dituzte entzuleek. Umorea, gertutasuna eta Janireren bizipen bitxiak bidelagun, gazteen kezka eta egoera arruntak izango ditu hizpide saioak, informazio erabilgarria modu arin, fresko eta entretenigarrian eskainiz.
On Timek ekoitzi du, EITB Mediarentzat.

