Nire ametsetan hogei urte duzu beti
"Nire ametsetan hogei urte duzu beti" Kirmen Uribek 1999-2024 urte artean idatzitako poesia bildumaren aukeraketa da. Ondarruko idazleak berak egindako aukeraketa eta egilearen ahotsean berean, audioliburu modura eskaintzen dizuguna.
Gabriel Aresti: “Harri eta herri”
Gabriel Aresti Segurola (Bilbao,1933) euskal idazle eta poeta handienetakoa da. Urriaren 14arekin jaio zen idazle bizkaitarra, zendu berriz 1975 ekainaren 5ean Bilbon bertan eta bost hamarkada bete dira 2025ean.
XX. mendeko euskal literaturaren berrikuntzan garrantzia handiko ekarpena egin zuen Arestik, Jose Luis Txillardegi eta Ramon Saizarbitoriarekin batera; bai formaren, bai edukien aldetik ere. 1960ko hamarkadan, Euskal Herriak Francoren diktadurapean bizi zuen egoerari aurre eginez, poesia sozial eta kritikoa egin zuen garaiko joerari jarraituz.
Gurasoak baserritar jatorrikoak ziren arren “euskaldun galduak" izan ziren eta Gabriel, hamabi urterekin hasi zen euskalduntzen. 1954an, hogeitabat urte zituela, argitaratu zituen aurreneko poemak eta handik hamar urtera, bere lanik esanguratsuena, ”Harri eta Herri” (1965, Itxaropena), GUAUk audioliburu gisa eskaintzen dizuna “Poesia ttanttak” sailaren barruan.
Harkaitz Cano: Antologia
Harkaitz Cano Jauregi (Lasarte, 1975) euskal idazle eta itzultzailea da. Literaturan ez ezik, telebista, irratia edo eta podcastgintzarako gidoiak idazten ditu eta hainbat komunikabideetan kolaborazioak egiten, itzulpenez gainera.
Zuzenbidean lizentziatu zen, baina Susa aldizkarian 1983an ezagutzera eman zen Lubaki Bandaren kide izan zen, eta orduan erabaki zuen idazle izatea. New Yorken bolada bat egina, bere lan askotan azaltzen da hiri kosmopolita hori, bai eta hurbilagoko hiriak ere. Sari ugari irabazitakoa da Lasarteko idazlea, hala, hiru bider jaso du Euskadi Literatura Saria. 2005ean “Belarraren ahoa” eleberriarekin, GUAU plataforman entzungai duzun “Twist” liburuagatik 2012an eta “Orkestra Lurtarra” lanarekin 2014an.
Canoren ahotsean entzun dezakezu, bere poesiaren antologia.
Itziar Ugarte: "Gu gabe ere"
Itziar Ugarte Irizar (Oñati, 1995), idazlea eta kazetaria da. Argian eta Berrian lan egin du. Itu bandako kidea izan da eta Lekore aldizkarian ere argitaratu ditu zenbait literatur pieza.
2021eko Espainiako Kritika Literarioaren Saria eskuratu zuen “Gu gabe ere” lanarekin. Audioliburu hau egiteko, poema-liburua berrikusi eta pieza berriekin osatu nahi izan du idazleak Susarekin egin zuen argitalpena, zirriborro, ekarpen eta ordena berria emanez.
Iñigo Astiz: Antologia
Iñigo Astiz Martinez (Iruñea, 1983) euskal kazetari eta poeta da. Berriaren kultura sailean aritzen da. Lauaxeta saria jaso zuen 2019an “Analfabetoa” poema liburuarekin. 2020an Haur eta Gazte Literaturako saria jaso zuen Euskadi Literatura Sarietan “Joemak eta Polasak” liburuagatik. Bi poema antologia euskaratu ditu, bata Sylvia Plathena “Ariel eta beste poema batzuk” eta Sandro Pennarena bestea. Astizek berak lan horien artetik egindako aukeraketa eskaintzen digu audioliburu eginda eta bere ahotsean.
Leire Bilbao: "Etxeko urak"
Leire Bilbao Barruetabeña (Ondarroa, 1978), ikasketaz Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatua den arren zenbakiei baina letrei lotuago bizi da. Birritan irabazi du Euskadi Literatura Saria Haur eta Gazte Literaturaren kategorian. 2017an “Xomorropoemak eta beste piztia batzuk” poesia-liburuarengatik eta 2022an berriz “Barruko hotsak” lanari esker. Gaztetan bertsolari gisara aritu zen eta kolaborazio ugari egin ditu idatziz Berrian edo Deian. Ahotsez aldiz, Euskadi Irratian.
“Etxeko Urak” poesia liburutik egindako aukeraketa da, audioliburu gisara bere ahotsean eskaintzen diguna.
Juan Kruz Igerabide: Antologia
Juan Kruz Igerabide Sarasolak (Aduna, 1956) euskal literaturaren alor ugari jorratu ditu, saiakera, eleberria baina nagusiki haur eta gazte literatura. Sari garrantzitsuak eskuratu ditu idazlan horien bidetik. Besteak beste, 2018an Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala “Abezedario titirijario (letren txotxongiloa)” liburuarekin, 2019an Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria “Jonas eta hozkailu beldurtia” lanarekin eta birritan Espainiako Kritika Saria, 1994an eta 2003an.
Igerabidek berak lan horietatik egindako aukeraketa eskaintzen dizugu egile beraren ahotsean.
Itxaro Borda: Antologia
Itxaro Borda Xarriton (Oragarre, 1959) idazlea eta Euskaltzain osoa da, ikasketaz historialaria eta lanbidez postaria izan bada ere luzaz; egun erretreta hartua du. Euskal idazle oparoenetakoa izanik, poesia, narrazioa, eleberria, saiakera, kronika, antzerkia, irratia, itzulpengintza… genero ia guztietan aritu da.
Gazterik hasi zen idazten eta 1984an egin zuen aurreneko argitalpena “Bizitza nola badoan” poesia liburua. 2002an jaso zuen Euskadi Literatura saria “% 100 Basque” eleberriarekin. Muga eta feminismoa izan ditu askotan idazketarako gai eta Amaia Ezpeldoi da bere idazlanetako pertsonaia ezagunena. Zuberoako herri txiki bateko detektibe bisexuala eta komunikazioa zail egiten zaiona.
Bordaren ahotsean entzun dezakezun antologia, idazleak berak egindako aukeraketaren ondorioa da.
Julen Apella: "Postal bat desertuan"
Julen Apella Santamaria (Berriz, 1998) Euskal ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta EHUn bertan, Literatura konparatua eta Literatur ikasketak Masterrak egin zituen. Egun euskara irakaslea da.
“Abizen berri bat” eleberria argitaratuko du 2025ean, proiektu hori garatzen lagunduko dion Augustin Zubikarai beka irabazi baitzuen 2024an, Elkar argitaletxeak eta Ondarroako Udalak antolatzen dutena. 2023an, VI. Donostia Kultura Poesia Saria irabazi zuen, audioliburu honetan idazleak berak irakurtzen digun “Postal bat desertuan” eleberriagatik.
Miren Agur Meabe: Antologia
Miren Agur Meabe Plaza idazlea (Lekeitio, 1962) literatura-sorkuntzari emana dago aspaldion. Sorkuntzan ez ezik, itzulpengintzan eta idazkuntzari lotutako jardueratan. Idazle gisa, poesia eta haur eta gazte literaturan nabarmendu da. Ipuingintza eta eleberria ere landu ditu halaber. “Nola gorde errautsak kolkoan” lanagatik Espainiako Poesia Sari Nazionala jaso zuen 2021ean. Euskarazko liburu batek sari hori jaso zuen aurreneko aldia izan zen.
Euskal Filologiako ikasketak egindakoa da eta 2022an izendatu zuten Euskaltzain oso, Xabier Kintana hizkuntzalari emerituaren lekurako, 2006tik Euskaltzain urgazlea izan ondotik.
Miren Agur Meabek berak, bere poemen artean egindako aukeraketa da GUAUn eskaintzen dizuguna, autoreak irakurrita.
Gabriel Aresti: “Harri eta herri”
Harkaitz Cano: Antologia
Itziar Ugarte: "Gu gabe ere"
Iñigo Astiz: Antologia
Leire Bilbao: "Etxeko urak"
Juan Kruz Igerabide: Antologia
Itxaro Borda: Antologia
Julen Apella: "Postal bat desertuan"
Miren Agur Meabe: Antologia
Iradokizunak
Hetero
Araua eta arrakala. Bi egoera horien arteko tentsioan bizi dira ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta nagusiki gizonez ari dira. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez, esan ez ziren sentsazioez.
Aitak, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; aldapan behera eta frenorik gabe doan hiru laguneko gorputz bakar bat; Zarautz, Elgoibar, Kubarekiko desira itsua; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.
Zortzi istorio anitz eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) bere hirugarren narrazio lanean ( SUSAk, 2024) eta audioliburu formatuan eskaintzen dizu GUAUk, zortzi ataletan banatuta eta egilearen beraren ahotsean.
Twist
Soto eta Zeberio, bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu. Bi itzal haietatik elikatzen ari da hogeitaka urtetan, Soto eta Zeberioren ordez bizi ote den zalantzarekin, haien ordez bizitzea balitz bezala bere erantzukizuna. Bizitza bakarrean hiru bizitza bizitzea posible balitz bezala.
Norbere larrutik ihes egin eta larru berri bila itsumustuan dabilenaren desafioak, korapiloak, menturak kontatzen ditu Harkaitz Canok nobela honetan. Errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, usurpazioa, antzezpena... asko dira kontakizun laster eta zabal honetako hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua.
Fakirraren ahotsa
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta trukean, arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin, kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasi, “Fakirra” goitizenarekin. Baina, ahotsarekin batera aldatuz joango da bere ikuspegia eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra..., mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan zehar.
Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra, minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zein ote du benetako ahotsa?
Susak 2018an egindako argitalpenetik eskaintzen dizu audioliburua EITB Mediak.
Sara eta Paul: Transformerrak
Sara eta Paul nerabezaroan murgildu dira. Bizi esperientzia berriak, erronka berriak, lagun berriak… Mario, brasildar mutiko beltza, eta Izar, gitarra jole eta abeslaria, ezagutuko dituzte. Udako oporretan, elkartu eta musika taldea sortuko dute. Eta bidean, jakina, makina bat buruhauste eta komeria biziko dituzte. Amodio istorioak tarteko. Aniztasun eta berdintasunean, beti.
Horma
Itzultzailea da nobela honetako narratzailea. Kode batetik beste batera hitzak pasatzen espezialista. Bizitzan ere halatsu, kode batetik bestera pasatu beharra du mundua ulertuko badu. Maite du bere lana, baina hor sortzen zaio arazoa. Haurtzaroan gertatu ziren pasarte lauso batzuk nahasten zaizkio buruan, Martarekin bikote harremanari ekin behar dion une berean. Noiz eta amari, kode haiek erraz itzuliko zituen pertsona bakarrari, memoria husten eta hondatzen zaion garaian.
Anjel Lertxundiren (Orio, 1948) nobela, Ereinen 2017ko ediziotik eskaintzen dizu EITB Mediak audioliburu egina.
Xahmaran
Istanbulgo etxe otomano hondatu batean bizi da, gurpildun aulkian preso, Kawa-ren ama eta egunero ekartzen ditu gogora Ararat mendia, kurduen kondaira eta leku sakratuak. Bai eta, leku eder haietan hil zizkioten senarra eta bi seme gerrillariak.
Amaren ezkutuan Kawak jendea hiltzea du ogibide. Enkarguz eta arrazoiak ezagutu gabe. Hilketa ez ohiko baten ondoren ordea, egoera gaiztotuko zaio Kawa-ri eta bere mundua pitzatu. Mendeko amagatik ez balitz, Alemaniara alde egingo luke bere anai-arrebek bezala.
Jon Arretxeren (Basauri, 1963) nobela beltz honek Istanbul eta Munich ditu kokaleku, ohoretik desohorerako bidaia eginez.
Ereinen 2012ko argitalpenetik eskaintzen dizu EITB Mediak audioliburu gisa.
Juxtu-juxtu
"Juxtu-juxtu" gazteei zuzendutako podcasta da, egunerokoan lagungarri izan daitezkeen aholku praktikoak eta baliabide erabilgarriak eskaintzeko sortua. Janire Atxurraren eskutik, dirua aurrezteko, aukerak aprobetxatzeko eta eguneroko erronkei errazago aurre egiteko trikimailuak ezagutuko dituzte entzuleek. Umorea, gertutasuna eta Janireren bizipen bitxiak bidelagun, gazteen kezka eta egoera arruntak izango ditu hizpide saioak, informazio erabilgarria modu arin, fresko eta entretenigarrian eskainiz.
On Timek ekoitzi du EITB Mediarentzat.
