14. Musikak emozio berak sortzen al ditu kultura guztietan? Zer da anhedonia?
Musika da "Uhin Ultramoreak" podcastaren atal honetako protagonista. Hain zuzen, musika unibertsala ote den aztertu dute Elhuyarreko Alaitz Ochoa de Eribe Agirrek eta Ana Galarraga Aiestaranek. Frogatu dute ea kultura guztietan berdin hartzen diren sehaska-kantak edo maitasunezkoak, adibidez. Anhedonia musikalaz ere hitz egin dute; hau da, musikarekin emozionatzeko ezintasunaz.
Horrez gain, hainbat zientza albisteren berri eman dute, eta zenbait baieztapen egia ala gezurra ote diren argitu dute.
18. Giza espeziearen diseinu akatsak
Nolatan daude hain agerian gizonen genitalak horren zaurgarriak izanda? Zergatik dira hain mingarriak erditzeak emakumeontzat? Eboluzioak funtzio jakinetarako diseinurik egokiena lortu du. Batzuetan, baina, diseinu horrek albo-ondorioak ditu, ez hain egokiak. Diseinu-akatsak dira, nolabait. Hala, giza espeziearen diseinu-akatsak aztertu dituzte "Uhin Ultramoreak" podcastaren 18. atalean Elhuyarreko Alaitz Ochoa de Eribe Agirrek eta Ana Galarraga Aiestaranek, umorea eta zorroztasun zientifikoa uztartuz.
Lan-urteko azken atala osatzeko, albiste zientifiko-teknologikoen berri eman dute, soinu misteriotsua asmatzea proposatu dute. Eta ohi bezala, zalantzan jarri dute zenbait baieztapenen egiazkotasuna.
17. Bikini operazioa: ''Osasuna gorputz forma askotan egon daiteke''
Argal egotea eta osasuntsu egotea sinonimotzat jotzen dira, beti ez da horrela izaten, ordea. Uda atarian ohikoa da bikini operazioa egitea. Haren helburua pisua galtzea eta itxura aldatzea izaten delarik. Argal egoteak, ez du esan nahi, ezinbestean, osasuntsu egotea. Eta gainpisua izatea ere ez da beti osasunerako txarra. Kirolariak dira horren adibide garbia.
Dieta egitearen atzean dauden uste okerrak eta mitoak aztertu dituzte "Uhin Ultramoreak" podcastaren atal honetan Alaitz Ochoa de Eribe Agirrek eta Ana Galarraga Aiestaranek.
16. Plazeboak eta nozeboak
Plazeboaren kontrakoa da nozeboa, alegia, eragin ahalmenik ez duen zerbaitek kalte egitea. Bi efektuei buruzkoa da "Uhin Ultramoreak" podcastaren 16. atala.
Denok ezagutzen dugu plazebo-efektua zer den. Tratamendu edo substantzia batek gugan eragiten duen eragin baikorra. Zerbaitek on egingo digula jakiteak, garestia izateak, fisikoki sentitzeak... sortzen duten onura, tratamendu edo substantzia horrek, berez, eraginik ez badu ere. Kontrakoa ere gertatzen da: berez eraginik ez duen zerbaitek kalte egitea. Nozebo-efektua esaten zaio horri.
Plazebo eta nozebo zer diren, zer mekanismoren bidez gertatzen diren, eta etikoki nola erabili aztertu dute Alaitz Ochoa de Eribe Agirrek eta Ana Galarraga Aiestaranek.
Atala osatzeko, albiste zientifiko-teknologikoen berri eman dute, eta entzuleak gonbidatu dituzte asmatzera zer den soinu misteriotsua, eta zuzenak ala okerrak diren zenbait baieztapen.
15. Hegazkinen arrasto susmagarriak. Zer dira? Zer dago atzean?
Hegazkinek zeruan uzten dituzten arrastoak susmagarritzat jotzen dituzte batzuek. Azkenaldian, chemtrailak hizpide dira. Zer dira benetan, eta zer dago haien atzean?
Denetik entzun dugu: hegazkinek sortzen dituzten arrasto horiek klima aldatzen ari direla: euria eginarazten dutela; eta kontrakoa ere bai, lehortea eragiten dutela. Baita gaitzak hedatzen dituztela ere, COVID-19a bera, adibidez, edo hegaztien gripea. Bada, arrasto horiek nola sortzen diren eta zer ondorio dituzten aztertu dituzte "Uhin Ultramoreak" podcastaren atal honetan Elhuyarreko Alaitz Ochoa de Eribe Agirrek eta Ana Galarraga Aiestaranek.
Entzun zalantzak argitzeko!
13. Ondo lo egin!
Ez duzu lorik hartuko, "Uhin Ultramoreak" podcastaren atal hau entzuten. Zer da REM fasea? Noiz gertatzen dira ametsak? Zergatik da garrantzitsua lo ondo egitea?
Loa aztertu dute Nagore Rementeria Argotek, Alaitz Ochoa de Eribe Agirrek eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko dibulgatzaileek. Loaren faseak azaltzeaz gain, gorputzeko funtzioetan duen garrantzia azaldu dute, eta lo gaizki egiteak dakartzan ondorio kaltegarriak aipatu dituzte. Horiek saihesteko, lo ondo egiteko gomendioak ere eman nahi izan dituzte.
Albiste batzuk ere kontatu dituzte, eta zenbait baieztapen egia ala gezurra ote den argitu. Eta soinu misteriotsua inoiz baino misteriotsuagoa iruditu zaie Nagore, Alaitz eta Anari.
12. Zein izan ziren espaziora joan ziren lehen emakumeak?
Artemis misioak lehen emakumea eramango du Ilargira, baina aurretik izan dira espaziora joandako emakumezkoak eta haiek dira "Uhin Ultramoreak" podcastaren atal honetako protagonistak. Lehen kosmonauta Valentina Tereshkova izan zen. 1963an joan zen errusiarra espaziora Vostok-6 ontzian. 20 urte geroago egin zuen bidaia lehen astronautak, Sally Ride estatubatuarra. Haien bien ibilerak eta kazetariek Rideri egindako galdera matxistak gogorarazi dituzte Elhuyarreko Nagore Rementeria Argote eta Ana Galarraga Aiestaran dibulgatzaileek.
Albisteek, soinu misteriotsuak eta zenbait baieztapen egia ala gezurra ote diren asmatzeak osatzen dute 12. atala.
Nagore Rementeria Argote eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileek "Uhin Ultramoreak" erabili dituzte, zientzia eta teknologia munduko gai interesgarrienak aztertzeko.
11. Sexua eta generoa gauza bera dira? Eta berdin eragiten dute?
Askotan nahasten dira sexua eta generoa. Baina ez dira sinonimoak, eta haien eragina ere ez da berdina. Zertan bereizten diren eta zertan eragiten duten azaldu dute Elhuyarreko Nagore Rementeria Argotek eta Ana Galarraga Aiestaranek, adibide argigarrien bidez.
Soinu misteriotsuak, albisteek eta zenbait baieztapen egia ala gezurra ote diren asmatzeak osatzen dute atala.
Nagore Rementeria eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileek "Uhin Ultramoreak" erabili dituzte, zientzia eta teknologia munduko gai interesgarrienak aztertzeko.
10. Zonbiak, kanibalak eta banpiroak. Zientziak badu zer esanik hauei buruz?
"The last of us" telesailak modan jarri ditu biktima zonbi bihurtzen dituzten onddoak, baina, zientzialarientzat ez dira berriak. "Uhin Ultramoreak" podcastaren atal honetan, gure artean bizi diren zonbi, kanibal eta banpiroen inguruko adibide eta istorioak kontatuko dizkigute Ana Galarraga Aiestaran eta Nagore Rementeria Argote Elhuyarreko dibulgatzaileek. Zientziaren ikuspegitik beti ere.
Soinu misteriotsuak, albisteek eta zenbait baieztapen egia ala gezurra ote diren asmatzeak osatzen dute atala.
9. Emakume zientzialariak. Zergatik da beharrezkoa zientzia feminista?
Emakumeek egiturazko diskriminazioa jasaten dute zientziaren eta teknologiaren arloan. Horren ondorioz, arlo batzuetan lanean edo ikerketan ari diren emakumeen ehunekoa oso txikia da, eta, gainera, ez dira goiko postuetara iristen. "Uhin Ultramoreak" podcastaren atal honetan, egoera horren arrazoiak eta ondorioak aztertu dituzte Elhuyarreko dibulgatzaileek eta garbi dute zein den irtenbidea: zientzia feminista, gizarte osoarentzat baita onuragarria.
Soinu misteriotsuak, albisteek eta zenbait baieztapen egia ala gezurra ote diren asmatzeak osatzen dute Ana Galarraga Aiestaran eta Nagore Rementeria Argotek gidatzen duten atal hau.
8. Zertan da edizio genetikoa? Lortu al da gizakia klonatzea?
"Uhin Ultramoreak" podcastaren atal honetan, Nagore Rementeria Argotek hartu dio lekukoa Alaitz Ochoari eta Ana Galarragarekin batera manipulazio genetikoaz aritzea erabaki dute.
Manipulazio genetikoak aplikazio miragarriak ditu, baina mamuak ere pizten ditu. Elhuyarreko dibulgatzaileek edizio genetikoaren tekniken oinarriak eta haien aplikazioak aztertu dituzte, adibide deigarri eta esanguratsuen bidez. Muga etikoak igarotzeagatik kartzelan bukatu zuen ikertzailearen kasua azaldu dute. Eta jakina, Emmanuelle Charpentier eta Jennifer A. Doudna ikerlariak ere goraipatu dituzte, Crispr teknika garatzeko "goraizeak" garatu izanagatik.
Galdera hauei ere erantzun diete zortzigarren atalean zehar: Lortu al du zientziak desagertutako animaliaren bat berpiztea? Eta gizakia klonatzea? Soinu misteriotsuak, zientzia albisteek eta zenbait baieztapen egia ala gezurra ote diren asmatzen ere saiatu dira.
7. Hedy Lamarr, Magdalena Moujan Otaño eta Berenice Abbott, nor baino nor
Hiru emakume zientzialari eta artistaren biografiak aztertu dituzte "Uhin Ultramoreak" podcastaren atal honetarako Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileek. Bi ezaugarri horiek batzen dituztelako aukeratu dituzte: zientzialari edo asmatzaile ez ezik, artista ere badira. Hedy Lamarr da lehena: haririk gabeko komunikazioaren aitzindaria eta Hollywoodeko aktorea. Bigarrena, Magdalena Moujan Otaño, Otaño bertsolariaren biloba matematikaria eta zientzia-fikziozko idazlea. Eta, azkenik, Berenice Abbot argazkilaria.
Albisteek eta zenbait baieztapen egia ala gezurra ote diren asmatzeak osatzen dute atala.
6. Ez gara espezie adimentsu bakarra; badira bestelako adimenak
Ikuspegi antropozentrikotik, giza adimenak ez du parekorik. Alabaina, beste espezie batzuek ere adimen handia dute: olagarroek, elefanteek, beleek, inurriek… Haien garunek, gureekin alderatuta, egitura oso desberdinak badituzte ere, konplexutasunean pertsonaren garunaren antzekoak dira, eta guk ez ditugun gaitasun batzuk ere badituzte. Horrez gain, gizakion garuna txikitzen ari dela ikusi dute zientzialariek, adimen kolektiboa handitzen den heinean. Kontu harrigarri horiei buruz aritu dira Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileak.
"Uhin Ultramoreak" podcastaren 6. atalean, soinu-misteriotsua argitzea ere proposatzen dizute, eta zenbait baieztapen egia ala gezurra ote diren asmatzea.
5. Geure buruak gu engainatzeko erabiltzen dituen amarruak, eta alderantziz
Gure buruak engainatu egiten gaitu. Isuri edo alborapen kognitibo deitzen zaie horretarako erabiltzen dituen mekanismoak, eta komeni da haiek ezagutzea, haien eragina neutralizatzeko. Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileek isuri ohikoenak azaldu dituzte, adibide argigarriekin. Eta antidotoa zein den ere esan dute: pentsamendu kritikoa.
Hain zuzen, pentsamendu kritikoa da "Uhin Ultramoreak" podcastaren ardatza. Hori ageri-agerikoa da "Egia, gezurra ala ez dago nahikoa ebidentzia" ataltxoan. Eta soinu misteriotsua zer ote?
4. Zertan bereizten dira fusioa eta fisioa? Zer egin hondakin nuklearrekin?
Zentral nuklearrek fisio-energia baliatzen dute, elektrizitatea ekoizteko. Fisio-erreakzioek, baina, energia asko askatzeaz gain, elementu erradioaktiboak ere sortzen dituzte prozesuan. Fusioa modu kontrolatuan egitea lortu berri dute, modu esperimentalean eta laborategian oraingoz. Urte asko beharko dira oraindik, hondakin erradioaktiborik gabeko energia mota hau, modu erabilgarrian eta denon eskura jartzeko.
Erradioaktibitateak dakarren arriskuaz ohartarazteko, hainbat irtenbide proposatu izan dira, tartean, katu fluoreszenteetan oinarritutako erlijio bat asmatzea. Txantxa dirudi, baina erradioaktibitatearen arriskua ez da txantxetakoa, erradioaren nesken kasuak erakutsi zuen moduan. Fusioa izan daiteke irtenbidea?
Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileek aztertu dituzte auzi horiek, eta horretan ikertzen aritu izan diren emakumeak ekarri dituzte gogora "Uhin Ultramoreak" podcastaren atal honetan.
3. Mito sexualak eraisteko prest, zientziaren laguntzaz
Giza ugalketaren ikuspegi klasikoan, arrek (gizonek eta bere espermatozoideek), emeek (emakumeek eta bere obuluek) baino protagonismo eta esanahi handiagoa izan dute. Ikuspegi hori matxista eta okerra dela erakutsi dute, ordea, gaur egungo zientzialariek. Dena dela, matxismoak indartsu jarraitzen du, eta horren erakusgarri dira gizonen antisorgailuak. Horri guztiari heldu diote Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileek "Uhin Ultramoreak" podcastaren 3. atalean.
Horrez gain, bestelako mito batzuk ere argitu dituzte. Zenbait albiste zientifiko-teknologikoen berri eman dute, eta soinu misteriotsua zerk sortzen duen asmatzera ere gonbidatzen zaituzte.
2. Existitzen dira estralurtarrak?, Noizbait egingo dugu topo haiekin?
Gizakiak betitik galdetu dio bere buruari egongo ote den bizirik Lurretik kanpo. Are gehiago, balizko estralurtarrak aurkitzeko saiakerak ere egin ditu, eta egiten ditugu gaur egun ere. Hori bai, azken hamarkadetan, asko aldatu da estralurtarrekiko zientzialariek duten irudia eta haiek bilatzeko moduak. "Uhin Ultramoreak" baliatuta, bilakaera hori aztertu dute Alaitz Ochoa de Eribe Agirrek eta Ana Galarraga Aiestaranek podcastaren atal honetan.
Horrez gain, gaurkotasun zientifiko-teknologikoko zenbait gai plazaratu dituzte, eta uste oker batzuk argitu ere bai. Soinu misteriotsua zer den ere argituko da atalean zehar.
1. Adimen artifizialaren bidez egindako artea benetan da artea?
Podcastaren estreineko atalean, adimen artifizialaren erabilerari erreparatu diote, puri-purian dagoen arlo batean: artean.
Horrez gain, gaurkotasun zientifiko-teknologikoari errepasoa, mito batzuk argitu eta soinu misteriotsua zerk sortzen duen asmatzera gonbidatu nahi zaituzte. Izan ere, joko hori proposatuko digute atal bakoitzean Alaitzek eta Anak.
Uhin ultramoreen bidez, argi ikusgaiarerekin ikusezinak diren gauzak azalera ateratzen dira. Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran, Elhuyarreko zientzia-dibulgatzaileek "Uhin Ultramoreak" erabili dituzte, zientzia eta teknologia munduko gai interesgarrienak aztertzeko.
18. Giza espeziearen diseinu akatsak
17. Bikini operazioa: ''Osasuna gorputz forma askotan egon daiteke''
16. Plazeboak eta nozeboak
15. Hegazkinen arrasto susmagarriak. Zer dira? Zer dago atzean?
13. Ondo lo egin!
12. Zein izan ziren espaziora joan ziren lehen emakumeak?
11. Sexua eta generoa gauza bera dira? Eta berdin eragiten dute?
10. Zonbiak, kanibalak eta banpiroak. Zientziak badu zer esanik hauei buruz?
9. Emakume zientzialariak. Zergatik da beharrezkoa zientzia feminista?
8. Zertan da edizio genetikoa? Lortu al da gizakia klonatzea?
7. Hedy Lamarr, Magdalena Moujan Otaño eta Berenice Abbott, nor baino nor
6. Ez gara espezie adimentsu bakarra; badira bestelako adimenak
5. Geure buruak gu engainatzeko erabiltzen dituen amarruak, eta alderantziz
4. Zertan bereizten dira fusioa eta fisioa? Zer egin hondakin nuklearrekin?
3. Mito sexualak eraisteko prest, zientziaren laguntzaz
2. Existitzen dira estralurtarrak?, Noizbait egingo dugu topo haiekin?
1. Adimen artifizialaren bidez egindako artea benetan da artea?
0. atala
Iradokizunak
Uhin Ultramoreak
Alaitz Ochoa de Eribek eta Ana Galarragak gidatzen dute "Uhin Ultramoreak" zientzia eta teknologiari buruzko podcasta. Bertan, zientziaren dibulgazioa berdintasunaren ikuspegia ahaztu gabe egiten da. Maiz, zientziaren arloan ezkutuan geratu den emakumearen ikuspegiari arreta berezia jarri nahi diote Elhuyarreko bi dibulgatzaileek.
Uhin Ultramoreak
Alaitz Ochoa de Eribek eta Ana Galarragak gidatzen dute "Uhin Ultramoreak" zientzia eta teknologiari buruzko podcasta. Bertan, zientziaren dibulgazioa berdintasunaren ikuspegia ahaztu gabe egiten da. Maiz, zientziaren arloan ezkutuan geratu den emakumearen ikuspegiari arreta berezia jarri nahi diote Elhuyarreko bi dibulgatzaileek.
EHU - Ekinean
"EHU-Ekinean" podcastean ikerlariak jartzen dira erdigunean. Zientzia eta teknologiaren arloan sistematikoki eta historikoki baztertu izan diren emakumezkoak batez ere. Baita ikerketa bereziak egiten dituztelako albiste gune ez diren ikerlariak ere. EHUk eta Elhuyarren arteko elkar-lana.
Fakirraren ahotsa
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta trukean, arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin, kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasi, “Fakirra” goitizenarekin. Baina, ahotsarekin batera aldatuz joango da bere ikuspegia eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra..., mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan zehar.
Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra, minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zein ote du benetako ahotsa?
Susak 2018an egindako argitalpenetik eskaintzen dizu audioliburua EITB Mediak.
PrebenTIK
IKT eta sare sozialek ezkutatu ditzaketen arriskuetaz ohartarazi nahi duen podcasta da "PrebenTIK". Fikzioaren bidez, arrisku kasu errealak lantzen dira eta hauetan oinarrituta azaleratzen dira adibideak, egoera zail horiei nola aurre hartu eta prebentzioaren garrantziaz ohartarazteko. Tresnak eskura jartzea da helburua.
Gladysen haritik
“Gladysen haritik” podcastak teknologiaren eta ingurune digitalaren esparruan ari diren emakumeak ekarriko ditu lehen planora, haien lana ez ezik, haien ibilbidea, jakin-minak, zaletasunak eta mundua ikusteko modua ezagutzeko.
Elene Mendizabal informatikari eta eduki sortzaile zumaiarrak gidatuko ditu solasaldiak, aurkezpen formaletatik eta curriculum-zerrendetatik aldenduta. Gonbidatuek zer egiten duten jakiteko, baina batez ere nor diren, zerk mugiarazten dituen eta nola iritsi diren dauden lekura.
"Gladysen haritik", EITB Audioren ekoizpen bat da, Puntueus eta EHUko Informatika Sailarekin elkarlanean egina.
Jokutopia
“Jokutopia”, Xabier Lizasok gidatzen duen bideojokoei buruzko podcasta da. Bideojokoen inguruko azken nobedadeak eta gaiaren inguruko elkarrizketa eta erreportajeak biltzen ditu astez aste modu arin eta aldi berean sakonean. Bideojokoak aisia bakarrik ez direlako eta munduarekin lotura duten gaiak jorratzen dituztelako.
Gladysen haritik
“Gladysen haritik” bideopodcastak teknologiaren eta ingurune digitalaren esparruan ari diren emakumeak ekarriko ditu lehen planora, haien lana ez ezik, haien ibilbidea, jakin-minak, zaletasunak eta mundua ikusteko modua ezagutzeko.
Elene Mendizabal informatikari eta eduki sortzaile zumaiarrak gidatuko ditu solasaldiak, aurkezpen formaletatik eta curriculum-zerrendetatik aldenduta. Gonbidatuek zer egiten duten jakiteko, baina batez ere nor diren, zerk mugiarazten dituen eta nola iritsi diren dauden lekura.
"Gladysen haritik", EITB Audioren ekoizpen bat da, Puntueus eta EHUko Informatika Fakultatearekin elkarlanean egina.


