Zergatik panpox
Lagunak alde egin ondoren emakume batek bere haurrarekin bizi duen egun normal bat kontatzen digu nobelak. Goizean goizetik gosaria eman, ikastolara joan behar dela hurrengo, arratsaldean jaso... lotara eraman arte, eta protagonista bera oheratu arte egin eta burutik pasatako gogoetak dira nobelaren edukia.
Txema lagunaren ausentzia oroitzapen huts baino zerbait gehiago da nobelan, emakumearen gogoeta gehienetan dago haren ausentzia. Bakardadea sentitzeko ere ia tarterik gabe dago emakumea, halakoxea baita bere bizitzaren atze-aurrea. Baina tartetxo bakan horietan isurtzen da nobelara etxetik alde egin zuen lagunaren oroitzapena. Emakumea da kontalaria, eta emakumearen sentsibilitate unibertsalenetik dago kontatuta nobela.
Iradokizunak
Xahmaran
Istanbulgo etxe otomano hondatu batean bizi da, gurpildun aulkian preso, Kawa-ren ama eta egunero ekartzen ditu gogora Ararat mendia, kurduen kondaira eta leku sakratuak. Bai eta, leku eder haietan hil zizkioten senarra eta bi seme gerrillariak.
Amaren ezkutuan Kawak jendea hiltzea du ogibide. Enkarguz eta arrazoiak ezagutu gabe. Hilketa ez ohiko baten ondoren ordea, egoera gaiztotuko zaio Kawa-ri eta bere mundua pitzatu. Mendeko amagatik ez balitz, Alemaniara alde egingo luke bere anai-arrebek bezala.
Jon Arretxeren (Basauri, 1963) nobela beltz honek Istanbul eta Munich ditu kokaleku, ohoretik desohorerako bidaia eginez.
Ereinen 2012ko argitalpenetik eskaintzen dizu EITB Mediak audioliburu gisa.
Judu-kale
Bi familien historia jasotzen du "Judu-kale" liburuak, XV. mendeko Gasteizen bizi diren bi familiarena. Judua da bata, kristaua bestea. Iragan bera dute, elkarri lotua, baina maitasun eta gorroto istorio bat ere badu bere baitan historia harrigarri honek. Dabid sendagilea eta haren semeak, Jonas ben Sahadia eta Pedro Santxez Bilbao, biak sendagileak, eta hauen emazteak eta ingurukoak dira pertsonai nagusiak. Garai gogorra, sefardien komunitatea atzerrira joatera edo kristautzera bihurtzen duten arte. Gaztelako koroaren mendeko lurretan gertatuak, marka sakona utzi zuen garai hartako gizartean.
Toti Martinez de Lezearen (Gasteiz, 1949) eleberria, Ereinek 2008an argitaratutako edziotik eskaintzen dizu EITB Mediak audioliburu eginda.
Horma
Itzultzailea da nobela honetako narratzailea. Kode batetik beste batera hitzak pasatzen espezialista. Bizitzan ere halatsu, kode batetik bestera pasatu beharra du mundua ulertuko badu. Maite du bere lana, baina hor sortzen zaio arazoa. Haurtzaroan gertatu ziren pasarte lauso batzuk nahasten zaizkio buruan, Martarekin bikote harremanari ekin behar dion une berean. Noiz eta amari, kode haiek erraz itzuliko zituen pertsona bakarrari, memoria husten eta hondatzen zaion garaian.
Anjel Lertxundiren (Orio, 1948) nobela, Ereinen 2017ko ediziotik eskaintzen dizu EITB Mediak audioliburu egina.
Twist
Soto eta Zeberio, bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu. Bi itzal haietatik elikatzen ari da hogeitaka urtetan, Soto eta Zeberioren ordez bizi ote den zalantzarekin, haien ordez bizitzea balitz bezala bere erantzukizuna. Bizitza bakarrean hiru bizitza bizitzea posible balitz bezala.
Norbere larrutik ihes egin eta larru berri bila itsumustuan dabilenaren desafioak, korapiloak, menturak kontatzen ditu Harkaitz Canok nobela honetan. Errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, usurpazioa, antzezpena... asko dira kontakizun laster eta zabal honetako hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua.
Ehun metro
Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) idatzitako “Ehun metro” nobelak, Franco diktadorea hil eta urte betera, 1976an ikusi zuen argia. Artean indarrean zegoen zentsura-legerik ez zuen gainditu, ordea, eta eleberriaren lehenengo edizioa bahitu eta liburu-dendetatik erretiratu zuten, Saizarbitoria bera prozesatu eta epaitu zutelarik. Zentsura-legea ezabatuta, itzuli zen nobela liburu-dendetara.
Behin eta berriz aipatu dira nobelaren arkitektura, kontakizunean erabilitako teknika, baliabide eta estrategia aberatsa, poliziarengandik ihesi doan aktibistak poliziaren tiroz zerraldo erori arte lasterka egiten dituen ehun metroak kontatzeko garaian. Ihesi doan bitartean, bere bizitzako pasadizoak oroitzen ditu protagonistak, lekuko anonimo batengana hurbiltzeko ahaleginean, testigu hari bizitza eskainiko balio bezala.
Fakirraren ahotsa
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta trukean, arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin, kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasi, “Fakirra” goitizenarekin. Baina, ahotsarekin batera aldatuz joango da bere ikuspegia eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra..., mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan zehar.
Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra, minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zein ote du benetako ahotsa?
Susak 2018an egindako argitalpenetik eskaintzen dizu audioliburua EITB Mediak.
Hetero
Araua eta arrakala. Bi egoera horien arteko tentsioan bizi dira ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta nagusiki gizonez ari dira. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez, esan ez ziren sentsazioez.
Aitak, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; aldapan behera eta frenorik gabe doan hiru laguneko gorputz bakar bat; Zarautz, Elgoibar, Kubarekiko desira itsua; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.
Zortzi istorio anitz eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) bere hirugarren narrazio lanean ( SUSAk, 2024) eta audioliburu formatuan eskaintzen dizu GUAUk, zortzi ataletan banatuta eta egilearen beraren ahotsean.
L´Arratien taberna
Urdaibai, leku pribilegiatua. Gizon bat Mundakako Santa Katalina ermitarantz doa, asmo argiarekin: zorigaiztoko bere bizimoduari amaiera ematea, munduko olaturik perfektuenetako bat eratzen den eremuan bere burua itsasora jaurtiz.
Ez du asmoa beteko. Baina, ezustekoan bizitza irauli, eta bide berri bati ekingo dio. L’Arratien tabernan topatuko du biziberritzeko aukera Paul Arenek, Pello esaten diotenak, eta alboan izango ditu Karmentxu, jabea eta bere metamorfosiaren erantzule ezusteko bihurtua, Libe, Irati, Pako, Koldo, Juankar... abegi ona egin eta bere egoera berrian lagunduko dioten herritarrak. Kostaldeko herri bateko biztanleen egunerokotasunera garamatza tramak, haien bizipen, traizio, sentipen, iragan ezkutu, entretenimendu eta kezkak elkarri josiz.
XXI. mendean girotuta dago L’Arratien taberna, eta hau da Toti Martinez de Lezearen (Gasteiz, 1949) eleberrien artean gaurkotasun handienekoa. Prosa arin eta zorrotza du, berritzailea, Erein argitaletxeak 2024an argitaratu eta EITB Mediak audioliburu formatuan eskaintzen dizunak.
Hamaseigarrenean aidanez
Apustulari baten heriotza da “Hamaseigarrenean aidanez” eleberriaren gertaera nagusia, pertsonaia eta ikuspuntu desberdinetatik kontatua; baserri giroko trajedia bat. “Ez nuen leihorik ireki behar izan gertatuko zitzaidana ezagutzeko”, Martzelina alargunaren bihozkada hori nagusitzen da hasieratik. Anjel Lertxundi (Orio, 1948) idazleak, emakume baten bakardade eta sufrimenduaren ikuspegi sakona biltzen du.
