Jose Luis Padronekin
Atal gehiago
Narrugorrik (eta II)
Biluztasun une eta moduekin egindako konposizioa da ’Narrugorrik'. Unea esaten dugunean, adierazi nahi dugu gauza asko daudela barruan: soinuak; animaliak, gizakiak, mota guztietako izakiak; paseoak eta paseoetako lagunak, ibilaldiak, zeharkaldiak. Batzuetan narrazioen bidez eman die forma egileak, eta besteetan, poesiaren bidez. Uneoro dago forma poetiko, erritmo baten bilaketa. Ixiar Rozasentzat idazketa hori da une honetan. Pasarte asko entzumenetik idatzi ditu. Entzutea praktika artistiko gisa ulertzen du Ixiar Rozasek. Bilboko Alondegian egin zuen. ‘Narrugorrik' irakurri, hiru arratsaldetan, hasieratik amaierara. Irakurle bakoitzak liburu desberdina irakurriko du. Entzule bakoitzak liburu desberdina entzungo du.
Narrugorrik (I)
Ixiar Rozas idazleak entzumenetik abiatutako memoria intimoa eta kolektiboa josi du ‘Narrugorrik’ (Consonni) liburuan. Bilbon, Alondegian, Azkuna Zentroan, Erritmoen segida deitu zion bertan jorratutako esplorazio eta ikerketa prozesuari, eta horren barruan ernaldu zen Narrugorrik liburu asmoa ere. Alondegian egin zuen ‘Narrugorrik’ liburu asmoaren lehenengo irakurketa publikoa, eta irakurketa hartan ohartu zen ozenki irakurtzeko hitzak idatzi zituela. Irakurketaz gain, solasaldia ere egin zuen Danele Sarriugarte, Ibon RG eta Usue Arrietarekin batera. 2025ean liburu asmoa zena 2026ko Euskadi Literatura Saria bihurtu da. Prozesu horren atzean dagoen mamia deskubritzeko gonbidapena da 'Narrugorrik’ artefaktu poetikoari eskainitako lehen saio hau.
Aireko poeta
Xalbador aireko bertsolaria zen, bertsoak egiteko modu abstraktuagoa zuena, filosofoa, poeta, pentsamendu politiko sakonekoa, begiak itxita kantatu ohi zuena. "Begiak itxita" kantatu ohi zuen Fernando Aire 'Xalbador' bertsolariak, "aurrean zuena ikusi nahi ez balu bezala, beste zerbait amestuko balu bezala”, Pako Aristi idazleak esan bezala. Hala gorde dute garaiko argazki askok, begiak itxita eta eskuak bizkarrean, hain berea zuen posean. Hil zen 1976an 57 urte zituela, hain zuzen Urepelen omenaldia egin zioten egunean, baina haren jardunaren eta ahotsaren oihartzuna mende erdi geroago bizi-bizi dago: Urepeldarrak etorkizunari kantatzen zion.
Van Goghen piano maitemindua
Igor Arzuaga Gumuzio zendu da, 50 urte zituela. Laudioko Areata auzoan 1976an jaioa, musikarako dohaina zuen. 13 urterekin hasi zen bere lehen kantuak sortzen. 2002an argitaratu zuen lehen diskoa: Argi izpi bat. Orduz geroztik, diskografia aberatsa osatu zuen, bere kabuz eta autoekoizpenaren bidetik dozenatik gora disko plazaraturik. Ibilbide oparoko musikaria izanagatik ezaguna, poesia, gogoetak, marrazkiak, antzerkia eta bestelakoak landu zituen ere. Artista estimatua bezain estigmatizatua, ez zuen esaten sortzea terapia zenik, baina, bai, bizirik sentitzeko modu handi-handi bat, bizi errebeldia baten alde.
Patti Smithen ahalmena
Patti Smithek sorpresa polita jaso zuen Oviedon, Arteen Asturiasko Printzesa Saria jaso bezperan. 3.000 lagun inguru batu ziren kantautore estatubatuarrarekin "People Have the Power” haren abesti ikonikoa interpretatzeko. 80 urte betetzear dela, bere inguruarekin beti konprometitua azaldu den artista polifazetikoa, sasoi ezin hobean dagoela erakutsi zuen. Nabarmena zen batek baino gehiagok negarrez amaituko zuela, pozik eta hunkituta. "People have the power, believe it!!!". Jendeak du botera, sinistu behar dugu gure esku dagoela.
Bularreko poemak
Errealitate gordina da minbiziarena, eta, kolore bat izatekotan, kolore hori ez da arrosa, nahiz eta kolore hori hartu ohi duten hilabete honetan bularreko minbiziarekin lotutako publizitate kanpainek. Pinkwashing izena du: zuriketa arrosa. Minbiziak ez du marketin arrosarik behar. Benetako ikerketak behar ditu, prebentzioa, eta baliabideak eta zaintza indartzea. Minbizia duten pertsonek hizki larriz bizi nahi dute, duintasunez tratatu behar dira, poesiaren osotasunez.
Rosalia apaindegian
Anne Carsonek (Toronto, 1950) nahi duena egiten du eta Rosalia maite du. Artikulu bat argitaratu du Rosaliari buruz, London Review of Books aldizkari ospetsuan. Haiena, hala ere, elkarrenganako miresmena da. Instagrameko bere kontuan Rosalia artista katalana azaltzen da eta Anne Carsonen poema bat irakurtzen du: ‘Apaindegia', manikura perfektuari buruzko testu sailkaezin eta harrigarria. Anne Carson poeta kanadarrak irabazi du 2026ko Literaturako Nobel Saria. Edertu ditzagun azazkalak.
Etxebizitzaren auzia
Etxebizitza duin eta egokiaz disfrutatzeko eskubidea aitortzen du espainiar konstituzioaren 47 artikuluak. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 25. artikuluak ere jasotzen du etxebizitzarako eskubidea. Baina agerikoa da gure gaurko munduan etxebizitzarekin arazo bat dagoela, ez bakarrik gaur egungoa, hamarkadetako arazoa da. Itxuraz oso gai prosaikoa dirudien arren, poesian ere, literaturan ere, agertzen zaigu etxebizitzaren gaia, badaude testuak etxebizitzaren auzia lantzen dutenak. Badaude lerro batzuk ezinbestez hona ekarri nahi izan ditugunak.
Humanismoaren itzulera
Juan Kruz Igerabidek 'Nonahiko musika’ saiakera lana argitaratu du, Balea Zuria argitaletxearen aginduz. Hizkuntza, poesia eta pentsamendua dantzan jartzen ditu Igerabidek liburu honetan, berezkoa duen dotorezia eta sakontasunarekin. Artea eta maitasuna aukeratu ditu liburuaren ardatz gisa, eta enbor horretatik abiatzen da, baina adar eta bihurgune askorekin, irakurleari zer pentsa eta zer goza emateko. Eta, bide batez, humanismoari keinu egiten dio, bizi dugun gizarte ‘robotizatutik' ateratzeko. Hura euskaraz lantzen eta bultzatzen dugunon txokoa da Lizardiren Baratzea.
Gauetako friso bat
Oskal Alegriak 'Hamalau gau’ film dokumentala estreinatu du Donostiako Zinemaldian. 14 zenbakiak markatzen du ‘Hamalau gau’: hamalau dira filmean igarotzen diren gauak eta Oteizaren hamalau apostoluak; eta hamalau dira, halaber, Oskar Alegria Zinemaldira lehen aldiz etorri zenetik igaro diren urteak. Duela 14 urte, hain zuzen ere, Zabaltegin bertan aurkeztu zuen zineman egin zuen lehen urratsa: ‘Emak Bakia baita’. Orduan, Man Ray izan zen bidaiako kopilotua. Orain, Oteiza da. Biek arrazoi beragatik utzi zuten zinema: eskultura baten itxura zuten filmak egin nahi zituzten, baina ezinezkoa zela ikusten zuten. Alegriarentzat, erronka friso itxurako film bat egitea izan da, gauetako friso bat. Filma EITBk egindako enkargu eta proiektu batetik sortu da.
Hobe gin-tonic bat, ezta?
Adin kontua da: zahartzen ari garen neurrian gauza horietaz pentsatzen dugu, lehen agian ez genukeen egingo. Baina denbora aurrera doa, bizitza bukatzen da.... Luigi Anselmi Bilboko poetak poema eder bat eskaini zion Gin-tonicari hain zuzen ere, 2016an argitaratu zuen Pamielako liburu batean. Haren titulua bi eratara irakurri daiteke 'Ahantzerriko koplak' edo 'Ahantzerriko kopak'. Ginebrari eskainitako oda horretan, eternitatea baino lehen edan dezagun aholkatzen digu, denbora sobera izango baitugu lagunez gabeturik, ur geza eta gazia edateko, Anselmiren hitzetan.