loading

Txerri-masailak curry berdean

Jantzi mantala

Txerri-masailak curry berdean

Curry berdea Thailandiako pasta bat da — albahaka, koriandroa, limoi-belarra, baratxuria eta piper berdea. Eta uste baino hobeto ezkontzen da txerriaren gantzarekin: freskotasuna eta pikante-ukitu bat ematen dio. - Osagaiak (4 lagunentzat): 8 txerri-masail, garbituak, 2 tipula, 2 baratxuri ale, curry berde pasta, 2 koilarakada (dendan erosiak balio du), koko-esne lata bat (400 ml), ardo zuri baso bat, jengibre apur bat, birrindua, lima baten zukua, koriandro freskoa, oliba olioa, gatza - Prestaketa: masailak gatzez ondo igurtzi. Lapìko batean oliba olioa berotu eta masailak alde guztietatik gorritu, kolore ederra hartu arte. Hori funtsezkoa da — hortik dator saltsaren sakonera. Atera eta gorde. Lapiko berean, tipula xehatua egin su ertainean, biguntzen hasi arte. Baratxuria eta jengibrea gehitu, minutu bat. Eta orain gakoa: curry berde pasta gehitu eta minutu pare batez frijitu tipularekin — horrela pastaren usain eta zaporeak askatzen dira, olioan "esnatzen" dira. Ardo zuria bota eta lurruntzen utzi. Gero koko-esnea gehitu, nahastu, eta masailak berriz sartu saltsan. Su ezti-eztian, tapa erdi jarrita, bi ordu inguru. Hemen ez dago presarik: masaila bigundu arte, ia desegin arte, itxaron behar da. Saltsa lodiegia geratzen bada, ur pixka bat; arinegia bada, tapa kendu eta murriztu. Azkenean, lima-zukua eta koriandro freskoa gainetik — freskotasun hori da plater osoa pizten duena. Zerbitzatu arroz basmatiarekin edo, nahi baduzue, patata-purearekin — saltsa hori dena xurgatzeko. Aholku bat: masailak bezperan egin. Ehiza eta saltsa-haragi guztiak bezala, biharamunean hobeto daude — zaporeak lotu egiten dira, eta gantzak testura are sedatsuagoa hartzen du.